XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1987 urtean zer?
- 5 miliar jende
- Frantzian bozkak?

Zer gertatuko da 1987 urtean? Orotarik, beti bezala.

Aurten ere baduke galde horrek mila dudatze edo zalantza eta zenbait segurtamenen bidea: denak ere gutarik bakoitzarendako ainitz inporta dutenak.

Munduaren gorabeherek ez dute gutarik nehor ere axola gaberik uzten ahal.

Goazen beraz ikus, horietan barna, larri larria.

5 miliarretarat heltzen

Lehen lehenik munduaren populazionea.

Behar dira xifre batzu jakin, harrigarriak baitira haietarik zenbait beren hotzean.

1987 urte hontan helduko da lurraren bizitzaile kopurua edo populazionea bost miliarretarat.

Hau da harrigarria: 1830an miliar bat jende ziren doi doia lurraren gainean.

1930 an bi miliar.

1960 an hiru miliar, alta gerlak bazuelarik hainbeste hilik.

1975 an lau miliar.

1987 an bost miliar.

Eta 2.000 urtea baino lehenxago hain segur sei miliar.

Heldu da beraz, joan den mendea arte arras eztiki emendatu dela jendetzea lurrean.

Handik hunat, ehun urtez doblatu (1830 tik 1930 ra); gero 45 urtez berriz doblatu bi miliarretarik 4 tarat pasatu 1930-75 artean.

Bagoatzi orain hamabi urtez miliar bat gehiago, medikuntzari esker, bereziki.

Norat derama horrek mundua? Estimu batzuek diote 16 miliar izanen direla bizitzaleak 2045 an, hots 58 urte izanen dutelarik aurten sortu haurrek.

Bizkitartean ttipituz joanen bide da emendio hori eta hemendik ehun urteren buruan berdinduxeak izan ditazke berriz sortzeak eta hiltzeak (10 edo 11 miliarretan).

Ez dira eskualde guziak berdin hunkiak izanen emendio horrekin; jada gure lurretan beheititzen ari jendetzea, beste batzuetan itsuski goiti oraino aski luzaz: batzuen aberastasun izanak eta besteen ez izanak, goseteak, lan eta bizigailu eskasak, justiziak eta errepartitze hobeak... zenbat buruhauste bihartik goiti! Gasailabideak ez bada!

Eta urte hau Frantzian?

Urte hau nolakoa izanen den Frantziarendako, nehork ezin erran.

Bi buru badauzka Frantziak: Gobernamendua batetik, Errepublikako presidenta bestetik.

Zakur eta gatua bezain adosak dira biek axalezko pereka erakusten badute ere.

Egiaz, ez dute batek bestea aztapar eta hortzez haizatzea baino asmo hoberik elgarrendako.

Batetik Chirac: azken auzi sozial horrek ponduak galarazi diozka.

Bestetik Mitterrand: hura hobeki utzi dutela orain arte iduri.

Gobernu aldatze batek gauzak antola litzazkea? Ez ditake holakorik ere aise egin: presidentak ez dezake lehen minixtroa alda eta lehen minixtroak berak irrisku ainitz baluke aldaketan hasten balitz edo berak demisionatzen balu.